Ikastolara etorri zaigu Patxi Zubizarreta bisitan eta beragaz aritu gara ipuinen mundu zabalean zehar solasean.
Ordizian jaio zen 1964an eta Gasteizen bizi da, askotan munduko herri ezberdinetan zehar bidaiatzen duen arren. Haur denboran potolo samarra izan zen eta gozokiak izugarri gustatzen zitzaizkion. Handitan, gozogilea izango zela pentsatzen zuen; gero Euskal Filologia ikasi zuen, irakasle izango zelakoan.
Baina, gaur egun ez da ez gozogile ez irakasle, idazlea baizik. Eta idazle izanik, nahi duena izan daitekeela ikasi du: gozogile, irakasle, baina baita izokin edo ubarroi ere. Horixe da literaturaren magia, eta magia horrexekin kutsatu nahi lituzke haur guztiak. Gaur, gurekin lortu egin duela esan genezake, gure aurpegiak ikustea nahikoa da hortaz konturatzeko:
Ipuinak nola sortzen dituen, pertsonaiak nondik ateratzen dituen, igarkizunen bitartez buruari eragiten eta gozatzen erakutsi digu besteak beste. Mundu bazter ezberdinetan (Alemania, Moroko, Himalaia zein Euskal Herriko herri ezberdinetan) txirringaz, autobusez, oinez, zein hegazkinez joanda, irudimena martxan jarri digu, hango eta hemengo istorioak kontatuz eta gugan zirrara sortuz.
Ederto pasatu dugu, beragaz ikasten, bai ikasleok baita irakasleok ere.
Gelan Hiru lagun liburua irakurri dugu, baina idatzita dituen 50 liburuen artean,
Elefante bat hegan liburua irakurtzea gomendatu digu. Ale bat sinatuta oparitu egin digu, mediatekan edukitzeko, sinadura eta guzti.
Eskerrik asko, bisitagatik Patxi, asko ikasi dugu zugaz. Espero dugu laster elkar ikustea.
Eta gogoratu, egia ala gezurra, bi begien artean, sudurra!!!