2016(e)ko maiatzaren 24(a), asteartea

dagigun! Ibilaldia 2016

Urterolez, maiatza bukaeraldean, badator Bizkaiko ikastolen jaia, IBILALDIA 2016. Aurten, Durangaldean ospatuko dugu, Kurutziaga eta  Ibaizabal ikastoletako ikasle, guraso eta langileek urte osoan, auzolanean, aurrera eramandako lanari esker. Ikastola hauek, duten ametsa, etorkizuneko Durangaldea euskalduna, jantzia, aurrerazalea eta parte-hartzailea izatea da.


Erabilitako leloa dagigun! da eta honen bitartez, ekintzarako gonbitea adierazi nahi da. Beste inori egiten zaion eskaria barik, geure buruari egiten dioguna. Kurutziaga eta Ibaizabal ikastoletako kideei egindako deia da. Eta baita Durangaldea euskaldun izan dadin lanean diharduten guztiei zuzenduriko gonbitea.

Parte hartu, parte izan eta parte eman nahi duten guztiei egiten diegun proposamena.
Egin dagigun. Guk. Denok.
Asmo bat baino gehiago da. Ekiteko deia da.


Dirua zertarako?
 
Ibilaldietan bildutako dirua (kamisetak, janaria, edaria, zozketak... saldu bitartez lortutakoa) ikastolak laguntzeko izaten da, eraikinak zaharberritu, berriak eraiki... Azken finean, ikastolak bizirauteko gizarteak emoten duen laguntza da, euskaraz ikasteko aukera handitu dadin.
Aurten, Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolek antolatutako Ibilaldia 2016 honekin, diru-irabazien erdia Kurutziaga Ikastolako Haur Hezkuntzako eraikina berritzeko erabiliko da eta beste erdia, Ibaizabal Ikastolako Batxilergoko eraikin berriaren zorra ordaintzeko erabiliko da.
Eskerrik asko, beraz, modu batera edo bestera helburuok betetzen lagunduko diguzuen guztioi: zuen laguntzagaz biharko euskaldun prestatu eta aurrerazaleak hezten jarraituko dugu! 

Informazio gehiago eskuratzeko (orain arte egindakoak, egitaraua, aparkalekuak, guneen kokapena...): 

Beraz, maiatzak 29an, parte hartu, gozatu eta gizartea euskalduntzen lagundu dagigun!!

2016(e)ko maiatzaren 19(a), osteguna

GLTBIQ eguna



 Maiatzak 17an, GLTBIQ-en eguna dela aldarrikatu dugu baita ikastolan ere, ekintza ezberdinak aurrera eramanez. Hona hemen zuon lan eta partehartzearekin sortutako ormairudiak, ikusi zein ingurukoekin partekatzeko aukera izan dezagun:

 



Aniztasunak gizartea aberastu egiten duela, argi daukagu, beraz, edozein pertsonak dituen berezitasunak, ezberdintasunak, zein hartutako erabakiak errespetatzearen alde lan egiten jarraitu beharko dugu, inor baztertua edo baldintzatua senti ez dadin!!!

 

Zuen lanekin sortutako bideoklipa ere berton daukagu, familian zein lagunartean gozatzeko aukera zabalduz:


2016(e)ko maiatzaren 16(a), astelehena

Madariaga dorretxera bisita

Aurreko astean, eguraldia lagun,  Euskadiko Biodibertsitate Zentroa bisitatu genuen. Madariaga dorretxean izan ginen, Urdaibai erreserba naturalean dauden animalia zein landareak gertutik aztertzeko aukera izanez.


Eraikinaren barnean, mundu osoko animalia eta landara ezberdinen inguruko informazio pila jaso dugu, modu ezberdinetan: panelak, akuarioak (ur geza/ur gazia), begiraleen azalpenak... Ganera, talde txikietan eskulan bat ere egiteko aukera izan dugu!!!








Kanpoaldean, kostaldeko izakiak aztertzeko tartea ere izan dugu, arrokak aztertu, landareak ikertu, animalien aztarnak topatu... Eta nola ez, taldean bazkaldu eta jolasteko astia ere atera dugu!!



Egindako bisita gogoratzeko eta han zintzoak izan garela ziurtatzeko, ziurtagiri bat ere jaso dugu!! Egun borobila, benetan!!!


Norbaiti parajea erakutsi nahi izanez gero, edota naturaren inguruan egiten diren ekintzen berri izateko, berton daukazue Euskadiko Biodibertsitate Zentrokoen web helbidea:


Bertan, badago bideo polit bat Urdaibai  Erreserba helikopteroz ikusita erakusten duena, ea ikusterik duzuen!!!

2016(e)ko maiatzaren 2(a), astelehena

Herri Urrats 2016. JALGI!!!!



 1984.urtetik, maiatzaren bigarren igandean Senpereko Aintziran, Herri Urrats besta antolatzen da euskara eta Seaskako ikastolak sustengatzeko asmoz. Besta honen helburua dirua biltzea da, Seaskak behar duen finantzamendua, lanak edo eraikin proiektuak dituzten ikastolak laguntzeko.
 Aurtengo ekitaldian lortutako dirua, Bernat Etxepare Lizeoan eraikin berri bat sortzeko erabiliko da,  2017rako kokapen berrian izan dadin. Eraikin berri honetan Seaskako lehen sare profesionala irekiko da, Ipar Euskal Herriko haur eta gazteentzako euskaraz ikasteko eskaintza zabaltzeko helburuarekin.

 

"Jalgi" da aurtengo leloa eta euskara mundura atera dadin, euskaldunoi dagokigu jauzia egitea irudikatu nahi du, alai eta baikor, gure hizkuntza zaharrak merezi duelako. 2016ko Herri Urratsek jauzi hori egiteko gomita egiten du, logoan ageri den Senpereko aintziratik mundu osora. Euskarak baduelako han eta hemen bere lekua.

Animatu eta partehartu!!!! Informazio gehiagorako (egitaraua, autobusak, argazkiak, berriak...) sakatu hurrengo esteka:  http://www.herriurrats.eus/